Blog

Gure arteko Biolentzia

Zoritxarrez, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko albiste asko entzuten jarraitzen dugu. Genero indarkeria emakumeari emakumea izateagatik egindako biolentzia da, askotan bikoteak eraginda. Baina ba al dago pertsona gay eta lesbianen arteko berezko indarkeriarik? Izenik al du? Erantzuna baiezkoa da: intragenero indarkeria deitzen da eta uste baino ohikoagoa da.

violencia

Koldo Losadaren hilketak, bere senarrak egindakoak, jakitera eman du askok ezagutzen ez zuten errealitate bat: gay eta lesbianen artean ere oinarri sexuala edota emozionala duen indarkeria ematen dela. Aipatutako kasuak, hain larria izateagatik, oihartzun mediatikoa eta soziala jaso du, eta intragenero biolentziaz hitz egiten hasteko abiapuntu bihurtu daiteke.

Ez zen lehenengo kasua.  2015ean ere, Bilbon bertan, 26 urteko mutil batek 18 urteko beste bati sexualki eraso zion. Duela urte batzuk, Aste Nagusian, beste gertaera antzeko bat jazo zen, oihartzun handirik gabe. Emakume lesbianen arteko indarkeria ere izan da gure artean, baina kasu gehienak ezkutuan geratu dira.

INFORMAZIO BILA
Aurrekoaren arabera, Bizkaian eta Euskadin gertatu egiten den fenomenoa da intragenero indarkeriarena; baina, aldi berean, oraindik honen nondik-norakoak ez ditugu guztiz ezagutzen. Generoaren baitako indarkeria dela jakin badakigu, gay eta lesbianen arteko harremanetan gertatzen dena. Zein punturaino zabalduta dagoen, nola ekin eta zelan lagundu konturatzea dira oraingo erronkak. Horretarako Aldarte elkarteak “Ikusi, Balioetsi, Ekin” kanpaina abian jarri zuen, genero bereko pertsonen arteko indarkeria psikologikoari zein fisikoari erantzun bat emateko: aldarte.org/rinconsinviolencia atalean dokumentazioa, gomendioak eta  laguntza eskuragai daude. Bertan azaltzen den moduan, gizarteari halako indarkeriarik dagoenik sinestea zaila egiten zaio, arazoa handituz.
Estatu eta nazioarte mailan ere egoera horiek hausnartzen ari dira. Lourdes Bravo hezitzaile eta sexologo kanariarra gai honen inguruko aditua da eta bere webgunearen bidez (www.violenciaintragenero.com) albisteak, ikerketak eta ikastaroak partekatzen ditu. Bere iritziz, intragenero biolentzia legalki ez dago babestu barik, “etxeko indarkeria” den neurrian, baina uste du babesa hobetu daiteekela intragenero indarkeriaren aurkako lege integral baten bidez.

Zentzu berean Erresuma Batuko Broken Rainbow LGBT Domestic Violence Charity erakundeak kontzientziazioa eta laguntza eskaintzen die biolentzia  mota hori jasotzen dutenei, LGBT kolektiboari eta gizarte osoari.

ISILTASUNA APURTZEA, BEHARREZKOA
Azaldu den moduan, gai honi nola erantzun oraindik eztabaidatzen ari da, baina behintzat fenomenoa identifikatuta dago. Harreman gay edo lesbiano batean egonda presio psikologikoa edota fisikoaren ondorioz beldurtuta dagoen eta ezinegonean bizi den edonorrek intragenero indarkeria jasaten du. Egoera honi amaiera ematea zaila da, bai, baina posible: isiltasuna apurtzea, laguntza bilatzea eta salatzea da bidea.

Pertsona guztiek lasai bizitzeko eta ongizaterako eskubidea dutela beti ekarri behar dugu gogora. Hetero, gay edota lesbiana izanda ere, indarkerian inoiz ez da harrotasunik egongo.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *