Blog

Patxo Telleria – Pregoilaria 2016

Bilboko 2016 ko Aste Nagusiko pregoilaria

pregonero

Blue.- Zer esan nahi du zuretzat pregoilari izateak?
P.T.- Pregoilaria ez da autoritate bat eta nik uste dut horregatik egiten zaiola jendeari atsegin. Jendea ordezkatzen du, festa giroan murgilduta dauden lagunen ordezkaria da nire ustez. Eta horregatik, kargua duintasunez eramateko ardura daukagu.

B.- Bilbo, zure hiria asko aldatu da. Zer da gehien aldatu dena zure ustez?
P.T.- Aldaketak onerako eta txarrerako izan dira. Onerako direnak azalekoak dira, begi bistakoak: hiri politagoa dugu orain, bizitzeko erosoagoa eta turistentzat erakargarriagoa.  Txarrerako aldaketa,  bestalde,  lehen industriala zen hiria zerbitzuetarako hiria bilakatu izana. Eta ez dut esaten lantegien (eta haien kutsaduraren) nostalgia dudalako. Kontua da lehen produzitu egiten genuela, eta lantegietan etorkizun bat eskaintzen zitzaion gazteei. Orain hiriak daraman bideak (eta ez da Bilbo kasu bakarra) zerbitzari izateaz gain, ez dio aukera handirik ematen gazteriari.

B.- Zer da Aste Nagusiaren onena?
P.T.- Dudarik gabe jendearen parte hartzea. Aste Nagusia bere sorreratik herri ekimen bat izan da, nahiz eta askotan instituzioek hori ez duten ondo ulertu edota haren kontra egiten saiatu diren.

B.- Zeintzuk izaten dira normalean Aste Nagusian egiten dituzun planak?
P.T.- Ni kultura kontsumitzailea naiz urtean zehar eta Aste Nagusian ere gustuko dut. Batez ere antzerkia ikusi ohi dut. Pabellon 6ko giroa oso ona da sasoi hartan. Musika saioak atsegin ditut, baina nahiago izaten ditut ekitaldi intimoagoak eta bazkaltzeko etxean egoten gara, nahiz eta batzuetan Alde Zaharrera gerturatzen garen.

B.- Antzerkiak ere presentzia berezia dauka Bilboko jaietan, zein da zuretzat antzerkiaren garrantzia halako ospakizunetan?
P.T.- Tradizio zaharra da Bilbon antzerkia Aste nagusian (eta ondorengo asteetan). Batzuek esaten dute asko jaitsi dela fenomeno hori eta kexu dira. Egia da apur bat jaitsi dela (oraindik ere asko dago), baina, nire ustez, hori seinale ona da: lehen garai hauetan bakarrik eskaintzen zen antzerkia Bilbon. Urtean zehar basamortu latza zen, eta Aste Nagusia oasi bat, non zale egarrituak konpultsiboki edan beharra zuten. Gaur egun programazioak daude. Arriaga dago, Canpos edo BBK ere, eta azkeneko urteetan Pabellon 6ko agerpena. Gaur egun, oreka hobea dago zentzu horretan.

B.- Nolakoak dira, oro har, Bilbon ikusten ditugun obrak?
P.T.- Pabellon 6 agertu arte, gehienbat kanpoan (Madrilen, batez ere) egiten zenaren eskaparate bat zen. Oso urria izan da bertoko antzerkiaren presentzia eta are eskasagoa euskarazkoa. Egia da Arriagak azkeneko urteetan toki bat eskaintzen digula, eta sentsibilitate egokiagoa erakusten duela, baina Arriagarekin ez da nahikoa. Esan beharra dago Arriagaren programazioa oso aberatsa dela eta gure hiritik estatuko produkziorik onenak pasatzen direla. Hori pozgarria da, baina ez dago hortaz gain beste ezer.

B.- Uste duzu gure herriko aktore, gidoilari edo produktoreen lana aski baloratzen dela?
P.T.- Oso galdera subjektiboa da. Badakit gaur egun lanbide asko daudela kolokan, baina artearen kasuan arazo kronikoa da. Eta krisi hau gainditzen bada ere, artistok hari-harian ibiltzen jarraituko dugu. Herri honetan behintzat.

B.- Pregoilari gisa asko murgilduko zara festa giroan?
P.T.- Beharko. Hori pregoilariaren paketean sartzen da. Orain, agerraldiak neurtu beharko ditut. Egun asko dira, goizetik egon behar dugu prest; beraz, gauetan ezin gehiegi luzatu.

B.- Sexu erasoei dagokionez, azken asteetan hainbat eta hainbat pairatu behar izan ditugu (Sanferminetan kasu). Zein da zure mezua? Zer egin behar dugu horrekin amaitzeko?
P.T.- Mezua bat eta bakarra izan daiteke horrelakoetan: indarkeriaz disfrutatu nahi dutenek jakin dezatela komunitatearen arbuioa jasoko dutela, eta, bere kasuan, legearen zigorra. Komunitatearen arbuioarena oso inportantea da. Nire ustez, heredatu dugun kulturan, orain arte ez da hain gaizki ikusia izan portaera sexista, eta oso biguna izan da gizartearen erantzuna. Mentalitate hori aldatzen hasiak gara, baina oraindik bide luzea geratzen da.

B.- Homofobiari dagokionez, maila politikoan badirudi bagoazela aurrera (maila internazionalean), baina maila sozialean erronka asko gelditzen zaizkigu. Zer azpimarratuko zenuke horren inguruan? Zein hutsune gelditzen zaizkigu eta zer egin behar da aurrerapausoak egiteko?
P.T.- Hezkuntzan aurrerapausoak eman behar dira oraindik, baina eskola ez da nahikoa. Arazo hori ondo planteatzen dute eskola askotan. Gezurra badirudi ere, gazte askori egindako inkestetan, gurasoengandik jasotako jarrera sexistak daudela ikusi da. Etxeko giroan ikasten dena errotuta geratzen da. Eta horren kontra egitea zailagoa da. Giro batzuetan jarrera horiek ongi ikusten dituzten arren, erasoek aurrera jarraituko dute. Gizarteak oso garbia izan behar du igorri nahi dituen mezuekin.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.