Blog

Euskara giroan

Por FABIO GONZALEZ – @fabiogz// Bilbo Handiko euskaldunontzat euskaraz hitz egitea ez da beti zerbait erraza izaten. Azken urteotan egoera hobetu arren, oraindik ere konkistatu gabeko tokiak daude, gay-LGBT giroa tartean. Eta zure kasuan, noiz izan zen gaueko lokaletan euskaraz hitz egiten entzun zenuen azken aldia?

ikurriña - gay

Aurreko galderari inoiz ez edo duela asko erantzuten badiozu ez zara horrelakorik dion bakarra izango. Izan ere, Eusko Jaurlaritza berreskuratu zenetik euskararen erabilera bultzatzeko hainbat ekimen jarri dira abian, baina orokorrean gaueko, eta bereziki, gay giroa ukitu barik geratu da.

Hainbat arrazoi bilatu daitezke: gauarekiko tabua eta beldurra administrazioen partetik, gaueko munduak duen dinamika aldakorra eta kontrolaezina, etab. Dena dela, gaur egun iniziatiba gutxi aurkitu ahal dira gure artean euskaraz hitz egitera gonbidatzeko. Bere aldetik, hutsune horretaz konturatu ostean, BLUE aldizkariak euskarazko artikuluak argitaratzea erabaki zuen, 2015eko abendutik aurrera.

Nahiz eta garrantzitsua izan, ez dira izango herri erakundeak ezta ekimen pribatuak euskararen egoera LGBT giroan aldatuko dutenak. Horretarako garrantzi gehiagoko agenteak behar-beharrezkoak izango dira.

NORBERAREN GARRANTZIA

Hala da, bai. Zu zara egoera honi buelta eman diezaiokena. Guk geuk egiten ez badugu, nork egingo du, bada? Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera (2011koa) Bizkaian %45a elebiduna da, eta 16-35 adin tartean erdia baino gehiagok euskara daki. Datu hauek eskura, hasteko alboetara begiratu eta pentsatu, zurekin daudenak euskaldunak al dira? Ezagutza minimo bat dute behintzat zurekin “agur” baino hitz gehiago erabili ahal izateko? Horrela bada, ez dago aitzakiarik euskaraz egiten ez hasteko. Zein egoeratan erabiltzea bururatzen ez bazaizu, adibide praktikoetara joko dugu: edariak eskatzean, egin euskaraz. Azken finean, herrietako jaietan zein hizkuntzatan egiten duzu? Halako keinu txikiek aldaketa handiak eta positiboak ekar ditzakete, giroa euskalduntzen hasteko pausu txikia baina inportantea baitira.

Jakina, beti ez da hain erraza izango. Normalean gure koadrilek euskaldunak eta euskaldunak ez direnak biltzen dituzte, eta euskaldunok horrelako egoeratan gaztelaniara (edo ingelerara, beharrezkoa izatekotan) pasatzea ohitura dugu. Baina seguraski noizean behin euskaldunekin arituko zara, eta horrelako kasuetan Linguae Vasconum-a zuen artean erabiltzeko aukera paregabea izango duzue.

EUSKARA MODAN

Guzti hau oso ondo dago eta nahiko interesgarria da, bai, baina… zertarako? Zergatik hizkuntzaz aldatu gaztelaniaz gustura zaudenean? Nork bere mintzaira aukeratu behar du eta inork ez du lezioak emateko ahalmenik, noski. Hau esanda, geure buruari planteatu beharko genioke ea gay-LGBT giroan euskara ez dugun erabiltzen idatzita ez dagoen lege batengatik. Zure erabilera linguistikoa mugatzen baduzu giroko leku batean egoteagatik, zerbait ez doa ongi. Eragozpen ixil horrekin apurtzeko eta Bizkaiko gay giroan gaztelaniarekin batera euskaraz ere egiteko unea da.

Amaitzeko, beste arrazoi potente bat: azken aldiotan euskara eta euskal gaiak modan jarri dira estatuan eta mundu osoan. Hor duzu 8 Apellidos Vascos fenomenoa edota euskal kulturaren eta zinemaren boom-a, Loreak filma bezalako produktu bikainekin. Euskaraz hitz egiteak nortasuna, aiurria eta adoretasuna ematen dizkizu.

Kontuan hartu Bilbora kanpotik datozenak euskara entzutea eta ezagutzea gustuko dutela. Bisitarientzat, euskara hemengo ezaugarri berezia eta apartekoa da, eta euren esperientzia kulturalaren parte da gure hizkuntzara hurbilketa txikia egitea. Azken hau ez da asmakizun bat, izan ere Euskadi-Basque Country turismorako estrategian jasota dago, arrakasta handiarekin. Beraz aprobetxatu aukera eta mihian duzun tresna erabili: jalgi hadi girora!

EUSKERA: HORA DE SALIR DEL ARMARO

En Inglaterra se habla inglés, En Alemania se habla alemán y en Euskadi y en Bilbao, más txulos que nadie, hablamos dos -o más- lenguas. Esta riqueza sociolingüística y cultural se la debemos en gran parte al euskera, una lengua cuyo origen sigue siendo objeto de fascinación en todo el mundo. Pero quizás más importante que su pasado sea su futuro, el cual nos atañe a todas y todos los que vivimos aquí. Si eres euskaldun, si estás en camino de serlo o si simplemente quieres acercarte a la lengua vasca, que el ambiente gay-LGBT no sea un impedimento sino una oportunidad. Es la hora de sacar al euskera del armario: al fin y al cabo no hay nada más reaccionario y armarizado que renegar de uno mismo.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *